XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

pasai donibane. TABOADA ETA ALZUA-TAR JOAKINI

Agur, berriro goien ikusi
arte, Joakin aiskidea,
euskaldun jator, lagun leial ta
betiko mendizalea.
Ain zuzen mendi-mendian arki
duk ik maite uen pakea,
ta euskeraz, lagun artean, eman
duk biziaren lorea.
Maitasun eta alaitasunez
biotza ik poz-emailea,
aotan beti agortzen ez zen
gizabidezko umorea,
ire esanekin irri-eraziaz
erriko lagunartea.
Jaunak emango al dik merezi
duan sari azkengabea!

JUAN JOXEK.

AGUR JOAKIN!

Martxoaren 3an, susmur beldurgarri eta tristea zabaldu zen gure herrian: Txindoki eta Ganbo erdian dagoen Aloza zelai elurtsutik zetorren berri goibel eta garratza! Ez zen izan ere nolanahikoa, alegia, Joakin Taboada mendizale gaztea, ezbeharrez edo akzidentez, hil zela.

Harri eta zur utzi ninduen! Sinistu ere ezin nuen sinistu, bezperan mendizale biltokian afaltzen ari zena, gorputz zela.

Baina bai.

Zorigaiztoko susmur hau, egia latza bihurtu zitzaigun, mendizale adiskide honen gorputz hotza herrira zutenean.

Gure Euskalerriko mendi ederrak, amaika bider ikusi izan dugu Joakin adiskidea, igotzen; baita, Itxas-Mendi Elkarteak ohitura duen bezela, ume koskorrekin mendirutz abiatzen ere.

Gaurregun hain zabalduak dauden Club, dantza-toki eta abarrei uko eginik mendiko pakean murgildu zuen bere bihotza.

Eta hantxe utzi du bere azken arnasa!

Gure ohiturak, hizkuntza, ikastola, euskal kultura, Euskalerria, biziki maite izan zituen; eta oraindik-orain, gogoan dut, herrian antolatu izan diren Euskal Jaietan, zer-nolako amorruz lanegiten zuen.

Martxoaren 4ean eta 10ean ospatutako hileta elizkizunetan, azken agurra eman genion, gure sinismen ahul honen bidez, beren arimaren alde otoitz eginaz.

Lerro trakets hauen bitartez, har bezate, bai bere arreba Pilarrek eta batipat, hain bakarti geratu den bere ama Luisak, gure dolumin gartsuena eta sutsuena.

Agur Joakin, egun haundi arte! Jainkoak emango ahal dik, hik hire baitan hainbat desiratutako betiko pakea!

IÑALURRETAK.